XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liraintasunaren adierazpen soila al da gerria eraztunean kabitze hori, ala atzera-bueltarik gabeko maitasunaren eskaintza egiten ari da koplaria, eraztunetik pasa liteke, maitea, zure gerria deklaratzen duenean?

Erbi-loa

Oso zabaldua dago, ehiztarien artean batez ere, erbiek begiak irekita egiten dutela lo.

Hortik dator lo arinari erbi-loa deitzea.

Aspalditik datorren ustea da.

Pliniok zioen: Patentibus oculis dormiunt lepores.

Cervatesek ere uste bera jasotzen du Kixoteren XVI.en kapituluan:

Ordurako etzanda zegoen Santxo, ongi asko mantarturik; lo hartzeko eginahalak eginagatik, ez zion uzten bere saihets-hezurretak minak; eta Don Kixotek, aldiberean, begiak zabal-zabalik zeuzkan erbiaren antzera.

Erletxoak, erletxoak

- Abel, Abel...! ari zaio etxekondrea, eskuekin gelditzeko aginduz, hegan doan erle-saldo bati. Aireak horditasunik gabeko dardara dagi argitasunaren zainetan.

Etxekoandrearen ondora hurbildurik, bil, Maria, bil, bil! agindu behar zaiela adierazi diot kortesia osoz; eta, hor, hor, hor! esanez seinalatu behar zaiela non gelditu behar duten.

Etxekoandreak ez dit, ordea, entzuten. Larri da, bustirik ditu begiak:

- Abel, abel, nagusia hil da! lehertu zaizkio hitzak. Gero, erdi kantuan hasi da ahapeka:


Erletxoak erletxoak
egizue argizaria
nagusia hil da eta
behar da elizan argia.

Hunkiturik, gelditzeko tokia seinalatu diet erleei hor, hor, hor!, eta ataritik gertu dagoen aberaska gorri batean pausatu da erle-saldoa, antzina Platonen eta Axularren ezpainetan pausatu ziren bezain astiro eta gozo.